Patxi Abasolo: Historian ere langileok giltzarri
2017•02•11 Iritzi artikulua. Patxi Abasolo López. Profesor de Historia Langileok geure esparruan mila ekimen abiatu dugu historian zehar, aldaketa sakonak bultzatzeko asmoz. Anitz ekimen. Eta horretarako mila bitarteko eskaini diogu geure buruari. Asko eta askotarikoak.
Nola uler daiteke 1789ko Frantziako Iraultza emakumezko langileek egindako protestarik gabe? Eta ondoren lortutako hainbat eskubide demokratiko, sektore herritarrek (sans-culoteak) bultzatutako ekimenik gabe? Aurreratzean abiatutako prozesu historikoan protagonista berri bat azaldu zen, langileria; eta orduz geroztik, emakumezko zein gizonezko langileok etengabe aritu izan gara gizarte justuago baten alde.
Nola ulertu langile mugimendurik gabe 1871n Parisko Komunak abiatutako erreforma sozial eta politikoak? Langileen soldatak eta erakundeak legeztatzeaz gain, etxeen alokairuak izoztu eta hutsik zeudenak konfiskatu egin zituzten, eta hezkuntza doaneko eta laikoa bihurtu zuten, besteak beste.
Zer gertatuko zen I. Mundu Gerran sartu ziren herrialdeetako langileek zorigaiztoko sarraski horretan parte hartzeari uko egin izan baliote? Zer gertatuko zen garai hartan gerraren aurkako jarrerak kutsatu izan balitu milioika langileen bihotzak?
Nola ulertu 1917ko Errusia iraultzaileak ezarritako parekidetasun baterako oinarriak emakumezko langileek egindako lan eta ahaleginik gabe? Nola lortuko ziren emakumeen boto eskubidea, ezkontza borondatezkoa, amatasun soldata, dibortzioa edo libreki eta doan abortatzeko eskubidea?
Nola ulertu 1936-39 bitartean erregimen errepublikano espainolaren alde jasotako nazioarteko elkartasuna, munduko hainbat txokotan hitzaldiak, diru-bilketa eta brigadak antolatu zituzten langile haiek guztiak gabe?
Nola ulertu Frankismoaren urte ilunetan sortutako kolore anitzeko ekimenak lantokietatik abiatutako elkartasun keinu txiki-handi haiek gabe?
Izan ere, Historian zehar langileok izaniko lorpenak ez dira mugatu langileon bizi eta baldintzetara. Gure eragite gaitasuna bizitza-esparru guztietara zabaldu da, oso borroka-esparru aberasgarriak sortuz edota osatuz: hizkuntza-eskubideen alde, mugimendu ekologista eta feministarekin bat, errepresioaren aurkako mugimendua, eta abar luze bat, hemen zein munduko lurralde guztietan. Borroka horietako guztiak ez dira soilik langileok antolatuak; baina langileon parte hartzea erabakigarria izan da beti; azken batean, gu gabe kopurua ez da inoiz handia izanen. Langileok ugari gara. Eta, nahi izanez gero, are handiago izanen da gauzak aldatzeko ahalmena.
Giltza gure esku dagoela jabetuz gero, mila aukera eta bat gehiago izango ditugu esperantza zabaltzeko. Arestian aipatutako adibide horietan guztietan bezala, langileon bultzada erabakigarria izanen baita aldaketa sakonak eragiteko. Baita euskal presoak eta iheslariak etxera ekartzeko ere.